XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nere biziko lehen lorea

Mattin Artzaina

GURE KARTIERREKO ESKOLA mendi eta oihan edo sasuxka arte batean baitzen ardurenean erreint edo andereinoak ez ziren anitz denbora egoiten, ez baitziren inguru hetakoak, eta hango bazter pollitak ez bait zituzten ontsa ikusten, hango edertasunari ez ziren ohartzen, eta hango jendeen bizimolde kalme goxo hura ez zuten senditzen, lekuari arrotz egoiten ziren.

Orduan sasoin bat osoa egiten bazuten ederra zen, ardura ba ziren kanbioak sasoin artean ere, eta zer nahi izanik urte oroz urriaren lehenean beti erakustun berri bat heldu zen, eta gu airean egoiten ginen heia nor etorriko ote zen, heia kantua maite ukanen zuenez eta holako!

Ikasteaz baino hobeki axolatua izaiten nintzen ni segurik heia erakustun alegera izango ote zenez, mintzatzeko aiseta?

Urte guziz pasatzen nuen denbora hori, egunaren beha ezin egonean iartzen nintzen.

Eta horra ene azken urtea nuela eskolan, larrazken haste batez heldu zaukula andereino bat biziki pollita irri goxo bat beti ezpainetan zaukala.

Ez zuen anitz denbora hartu ene lanean zintzoki hasarazten.

Eskolari amodioa bildu nakon, eta ikasten hasi nintzen nehoiz ez bezala, nik uste aitzineko bertze urte guzietan bezainbat edo gehiago ikasi nuen urte hartan.

Andereinoak galdeginak arras gogotik egiten nazkon, eta gehiago ere ba hainbestetaraino nahi nuen eskolako haurrik hoberena izan eta biziki gogotik ioaiten nintzen haren mahainerat zerbaiten galde egiterat edo erakustera.

Estakuru gutti aski nuen hari hurrantzeko eta haren boza entzuteko zer nahi eginen nuen.

Gaintto hartan negua frango hotza izaiten bait zen denbora hartan, fumegua, sutegia, pizten ginuen eta hura zen berogailu bakarra gure eskolaren berotzeko eta hura piztu behar izaiten zen goizetan eskola hasi aintzin.

Lehenbiziko hotzak hasi zituelarik andereinoak galdegin zautan heia sua piztuko nuenez eta, bixtan dena, nik ez nuela bertzerik nahi; sua berehala piztu nion, eta handik aintzina egun oroz pizten nion.

Bertze haurrak ez ziren oraino eskola barnerat sartuak izaiten, eta ainitz aldiz andereinoa surat hurrantzen zen bere eskuen berotzerat, eta han poxi bat elaka egoiten ginen.

Haren eskuer begira loriatua nindagon eta hura zitzautan egun guziko mementorik goxoena.

Primaderari buruz hasi nintzen arratsaldetan eskolatik landa bertzeak etxerat ioan ondoan gehixago denbora egoiten, lan zenbaiten egiten: etsaminak heldu baitziren estakuru ederra nuen behar nituela nere ikasteak abantzatu C.E.P. delakoaren presentatzeko.

Ikasteak egin ondoan bertze lan ttipi zenbait egiten nazkon, zerbait garbitze edo hola, ez zuen inporta zer galde egiten zautan zer nahi laguntza egiten nakon.

Sobera kontent nintzen harekin ixtan bat egoiteaz.

Urte hartarat artio ez nintzen ohartua gure eskola ttipi haren inguruak zein pollitak ziren.

Denbora berean ene eskolako notak gaineko kaskorat joan ziren hain nintzen gogotik ari lanean.

Geroxeago eguna poxi bat luzatu zelarik eta denbora ederrak zirelarik